XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ba dakik ahalik eta oxigeno gehiena berritu behar duala, eta birikak karbonikoaz hustutzeko eta oxigenoz ahalik eta gehiena betetzeko ari haizen bezala, arnasa hestutzea ez dela biderik egokiena.

Ba dakik biriken laurden batez ari haizela lanean, baina hala ere aho-zabalik eta goseti, gero eta beharrezkoago egiten zaian oxigenoa bilatzen duk.

Atzean pausoen hots lehorra entzuten duk.

Ez dakik zenbat diren baina lau boz bederen berezi dituk ALTO, ALTO O TIRAMOS esaten.

Ba dakik aurrean irtenbide bat izan ezik alferrik dela burua bueltatzea eta ez duk bueltatzen.

Behar bada, edo seguru asko, instintiboa duk hori.

Higan behintzat instintiboa duk inguratzen hauen arriskuaz berri zehatzik jakin ez nahi hori.

Eta egia esan, arriskuak neurtu bahitu ez hituzkeen orain arte egin dituanetatik erdiak ere eginen.

Ekintzetarako beharrezkoa duk inkoszienzia gramo bat, esan ohi huen.

Dena den, ez duk, ez du burua bueltatzen.

Arkupetik gero eta gehiago aldenduz - Aiuntamentua eskubialdera utziaz - Zamudioren terrazarantz zuzentzen ditu pausoak.

Atzekoak berriz basket-ekipo baten formazio eran abantzatzen dute: (...).